XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Badira zenbait kontrol programari, ordea, beste kontzeptu batean oinarritzen direnak.

Kontrol hauek prozesu-irudi batez baliatzen dira.

Irudi honetarako behar diren erregistro guztiak prozesadorean aurkitzen dira.

Erregistro hauek aldizka busaren bidez denak batera edo zatika kargatzen dira.

Kargatze honek, hau da, sarrera- eta irteera-unitateetako seinale-egoerak erregistroraino ekartzeak denbora bat eskatzen du.

Informazioa prozesadorean baldin badago, ordea, programa askoz azkarrago landuko da, ez bait da agindu honen edo haren seinale-egoeraren bila busean ibili beharrik izango.

Programa lantzerakoan sortutako emaitzak (irteera-unitateen seinale-egoerak) ere beste prozesu-irudi batean gordeko dira.

Irteera-seinale hauek ez dira irteera-unitateraino bidaliko sarrerako prozesu-irudiko erregistroak informazioa berriz kargatu arte (ikus 107. irudia).

Arrazoi organizatiboengatik erregistroen kargatze eta deskargatze hau programa-zikloaren hasieran egiten da.

Bada zenbait kontrol, ordea, erregistroen berritze hau programa-ziklo batean behin baino gehiagotan zertzen duena, ahalik eta informazio berrienarekin lan egiteko.

Azken hau batez ere programak luzeak direnean interesatzen da.

Kontrol programagarri baten funtzionamendua seriezkoa denez gero, seinalea ez da, kasu berezitan ezik, segidan landuko, programa puntu horretara heltzen denean baizik.

Prozesu-irudirik ez duten kontroletan erreakzio-denbora laburrena seinale heldu eta, kasualki orduntxe lantzen bada seinalea, hori izango da.

Luzeena, berriz, seinalea programaren agindu hori landua izan bezain laister heltzen denean.

Arrazoi honegatik ez da erreakzio-balio finko bat ematen, erreakzio-balioen mugak baizik.

Erreakzio-denbora sarrera- eta irteera-unitateetan, seinalea itzultzeko behar diren epez eta prozesadorean agindua lantzeko denboraz osatzen da.

Denbora hau 1 / 2 mikrosegundotakoa izaten da normalki.

Baldin eta seinale hori landu behar zuen agindua pasa berria bada, erreakzio-denbora honi, noski, programa-zikloaren denbora gehitu beharko zaio.

Prozesu-irudiz lan egiten duten kontroletan erregistroak noiz kargatzen diren erreakzio-denboran eragin handia du.

Zenbat eta maizago kargatu, orduan eta aukera handiagoa erreakzio-denbora laburtzeko.

Atzerapen maximoa, noski, programa-ziklo bat adinakoa izango da.

Kontrol hauen programa-ziklorako behar den denbora besteetan baino laburragoa denez gero, erreakzio-denbora ere txikiagotu egingo da.

Faktore hau garrantzitsua bilakatzen da landu beharreko programak luzeak direnean.

Erreakzio-denbora hau laburtzeak hainbat soluzio ondoriotu du.

Alde batetik prozesadore azkarragoen erabilera dugu.

Bide honek, ordea, muga jakinak, fisikoak, ditu.

Ordenadore handien kasuan bezalaxe, nahiz eta teknologia berri baten bidez abiadurak handitu ahal izan, erreserbak batez ere ordenadorearen antolamenduan dautza.

Kontrol programagarriekin beste hainbeste gertatzen da.

Posible dirudi prozesu-ordenadoreekin egiten den bezala, eten-sarrera batzuz hornitzea, sarrera hauek lehentasun handiagoa izan dezaten.

Honelako bati eragin bezain azkar, programak bere martxa normala baztertu eta sarrera honi dagokion programa-zatia landuko luke prozesadoreak, honekin bukatu bezain azkar lehengo agindura itzuliz.

Soluzio honek, aurrekoak bezala, ikerketa sakon bat eskatzen du.